Bai Euskarari akordioa Aguraingo fundazioarekin batera
Autorea: Premine :-: Igandea, 2007ko Otsailaren 18an, ordu honetan: 9:58 pm
![]()
Kontseiluak eta Aguraingo udalak lankidetza-hitzarmena berritu dute. Agiri honen bidez, urtean zehar euskararen alde elkarlanean jarraituko dutela adostu dute Aguraingo alkateak, IƱaki Berazak, eta Kontseiluko idazkari nagusiak, Xabier Mendigurenek. Lehen hiru hilabeteetan udala eta Kontseilua arituko dira Bai Euskarari Akordioa kudeatzen. Apiriletik aurrera berriz, Aguraingo Udalak sustatutako Kultura Fundazioarekin batera egingo du lan Kontseiluak. “Urte batzuk badira Agurainen elkarlanean hari garela eta oso harro gaude herrian egiten duzuen lanarekin”, adierazi du Kontseiluko idazkari nagusiak.
Kontseiluak hitzarmen honen bidez, Bai Euskarari Akordioan egiten ari diren lana indartuko dela aipatu du. “Enpresak, saltokiak eta era guztietako entitateak beren erakundeetan hizkuntzaren normalizazioa erdiesteko neurri eraginkorrak hartu eta betetzen ari dira”, azaldu du Xabier Mendigurenek. Bai Euskarari Ziurtagiria egiten duten ahaleginaren aitortza dela azpimarratu du.
Aguraingo udalak herriak euskaraz funtzionatzeko behar dituen baliabideak izan ditzan hainbat sektoreren ahalegina azpimarratu du. “Bide horretan gizarte eragileen inplikazioa beharrezkoa da, baina instituzioek ere eginbehar garrantzitsua daukagu”. Era berean, Aguraingo udalak urtean zehar euskararen alde lan egiten duela gogorarazi du. Izan ere, Bai Euskarari Ziurtagiriarekin bat egiteaz gainera, Bai Euskarari Akordioaren bidez merkataritzan euskara sustatzeko plana abiarazi dute. Merkatariek euskaraz lan egiteko liburua kaleratu ez ezik, merkatarientzako euskara ikastaroak diruz lagundu ere egin dituzte “Dena den, euskararen normalizazioa lortzeko oraindik badago zeregina. Agurainen merkataritzarekin hasi zarete eta Kontseilutik aisialdiarekin eta lan munduarekin jarraitzeko eskatu nahi dizuegu”, adierazi du Xabier Mendigurenek.
Kontseiluak aurten ere lan egingo du Bai Euskarari Ziurtagiria Aguraingo enpresak, saltokiak eta era guztietako entitateak euskararen alde lan egitera animatzeko. “Bai Euskarari Ziurtagiriaren bidez egiten duten esfortzua kreditatuko du Kontseiluak, herritarrek jakin dezaten entitate horiek betetzen duten erantzukizun soziala”, aditzera eman du idazkari nagusiak.
Bukatzeko, Kontseiluak Aguraingo udala eta herritarrak zoriondu ditu euskararekiko aspaldidanik hartuta duten konpromisoagatik. “Aurrerantzean ere izan dezatela lan bikain honetan jarduteko gogoa eta kemena”, amaitu du Kontseiluko idazkari nagusiak.
Hemendik hartuta.
Atala: Agurain, Arabako lautada, Euskara
- Gehitu artikuloa:
- Del.icio.us-en ::
- Zabaldun -
Ez dago iruzkinik.